XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Are gehiago, badakit fedegabe askok Jainkoa badela, eta giza arima gorputzaz ezberdina dela, sinetsi nahi ez izateko duten arrazoi nagusiena zera dela: adierazten dute egun arte inork ezin izan duela frogatu bi gauza horietatik bata ere.

Hala ere, ni ez naiz iritzi berekoa, eta, ostera, pentsatzen dut arazo bioi buruz zenbait gizon handik eskaini dituzten arrazoi gehientsuenak, ondo ulertuz gero, beste horrenbeste frogapen direla, eta ia ezinezkoa dela berriak asmatzea, baina hori guztia horrela izan arren uste dut ezin dela filosofian egin gauza baliagarriagorik zera baino: arrazoi onenak eta sendoenak jakinminez eta arretaz bilatu behingoan, eta eurak orden argi eta zehatzean taxutu aurrerantzean mundu guztiarentzat agerikoa izan dadin arte haiek benetako frogapenak direla.

Eta, azkenik, zenbait pertsonek nik lan hori har dezadan nahi izan dutenez, pentsatu dut nire eginbeharra dela gai honetan ahalegin bat egitea, pertsona horiek badakite jakin zientziaren era guztietako arazoei irtenbidea emateko metodo bat landu dudala, benetan berria ez dena, ez baitago ezer egia baino zaharragorik, eta badakite beste gai batzuetan arrakastaz erabili dudala bera.

Dena dela eginahala guztiak egin ditut horri buruz esan ahal den guztia tratatu honetan biltzeko. Horrek ez du esan nahi gure gaiaren aldeko froga bezala argudia daitezkeen arrazoi ezberdin guztiak jaso ditudanik, izan ere, ez dut inoiz pentsatu hori beharrezko izango zenik ezertarako (ziurra den arrazoi bakarra ere ez dagoen kasuetan izan ezik), haatik, bakarrik lehenak eta nagusienak aztertu ditut, eurak oso frogapen nabarmen eta ziur modura proposatzen ausartu naizelarik.